Irailaren 27an (ostirala) 44 urte betetzen dira frankismoak hainbat militante iraultzaile fusilatu zituenetik: Jon Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi ETAko kideak eta Ramon Garcia Sanz, Jose Luis Sanchez Bravo eta Xoxe Humberto Baena FRAPeko militanteak. Garai gogorrak izan ziren, Euskal Herri osoa Sardanyola eta Burgosera begira, begiak malkotan, eman zituen orduak, diktaduraren azken joko zikinaren aurrean amorruari eta penari eutsi ezinik. 1975ean izan zen hori, eta ordutik, urtero-urtero haien oroimena gogora ekartzen da.
Usurbilen ekitaldia
Herri askotan egingo den moduan, Usurbilen ere ekitaldi bat egingo da, Mikel Laboa plazan, arratsaldeko 19:00-19-20 bitartean. Antolatzaileen esanetan ekitaldia xumea izango da, izan ere, 20:00etan Orioko plazan Xuaren eta euskal presoen eskubideen aldeko ekimenera joateko denbora izateko.
“Atzoko eta gaurko gudariak ekarriko ditugu gogora. Atzoko gudariek Euskadi defendatzeko jo zuten armetara. Eusko Jaurlaritzaren agintepean, Eusko Gudarostea osatu zuten. Hil ziren lubakietan, hil zituzten fusilatuta eta hil zituzten gerra amaitu ondoren ere. Atzoko gudariak izan ziren. Frankismoa indarrean zela, Euskadi askatzeko altxatu ziren beste euskal herritar batzuk. Zazpi herrialdeak bere baitan hartuko zituen herri euskaldun eta sozialista bat eraikitzeko asmoa proposatu zioten herriari. Gaurko gudariak dira. Espetxeetan bahituta dauzkate asko oraindik. Azken hamarkadetako borrokak deuseztapenetik bizira ekarri gaituela diote. Hilda zegoena bizirik dago. Kontraesan eta ezintasun handiekin. Baina bizirik. Ildo horretan, belaunaldi berriei dagokie gaur egungo Euskal Herrira ekarri gaituen bidean aurrera egitea, euskal herritar guztiak berdintasunean bizitzeko Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista erdiesteko bidean urrats berriak eginez. Borrokaren pausoa da bidea”.