Asteartean (irailak 24) 2020ko Euskaraldia prestatzeko bilera irekia antolatu du Usurbilgo Euskaraldia batzordeak. Bilera arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Potxoenean. Pasa den astean 2018ko edizioak izandako eraginaren inguruko ikerketaren datuak eman ziren eta astearteko bileran beraz, Euskal Herri mailako emaitza hauek ezagutzera emango dituzte. Azterlan honek ondorioztatu du, Euskaraldiak nabarmen astindu dituela ekimenean parte hartu zuten Ahobizi eta Belarriprest guztien hizkuntza jokaerak. Gogoan izan, Usurbilgo Udalaren enkarguz Soziolinguistika Klusterrak herri mailako ikerketa bideratu zuela. Emaitzak hauek azaroan ezagutzera emango dira.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute Euskaraldia, eta bidelagun dituzte erakundeak eta euskalgintzako eragileak. Egitasmoaren beraren aurkezpen ofiziala udazkenean egingo dute, baina oinarrizko proposamena landu dute dagoeneko. Herriz herriko euskaltzale taldeetan aurkezten ari dira, herri batzordeak izango baitira oinarri orain ere.
Arigune kontzeptua
Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu ardatz, herritarrek rol bat edo beste hartu ahal izango dute, baina bada berritasun bat: ariketa taldean egiteko modua. Arigune kontzeptua da nobedadea: euskaraz eroso jarduteko espazioak dira. Entitateen barruan egon litezke (langile taldeetan, adibidez), edo kanpoan (herritarrei begirako zerbitzuetan). Herritar norbanakoek ez ezik, entitateek ere izango dute lekua bigarren Euskaraldian.
NOIZ ETA ZENBAT EGUN?
Iazko Euskaraldia 11 eguneko ariketa izan zen, baina bigarrena luzeagoa izango da: hamabost egun. Azaroaren 20an (ostirala) hasiko da eta abenduaren 4an (asteazkena) bukatuko. Tartean harrapatuko du, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna.
ZEIN DA ENTITATEEN LANA?
Aurreko Euskaraldian sustatzaile soilak izan ziren entitateak: parte hartzera animatu zituzten beren kideak. Oraingoan, ariguneak sortzeko egokiera non dagoen jakiteko, aztertu beharko dute euskararen ezagutza nolakoa den entitate barruan. Bestetik, zilegitasuna eta babesa eman beharko diete ariguneetan ari diren partaideei. Ariguneak bereziki lan arloarekin daude lotuta, kontuan hartuta hiztunek denbora egiten dutela lantokietan, eta euskararen erabilerak badituela hutsuneak. Hala ere, ariguneak osatzera deituta daude askotariko eragileak: erakunde publikoak, gizarte eragileak, kirol taldeak, elkarteak…