Josu Ostolaza eta Odei Arrizabalaga
Portugaleten amaitu zuten atzo estropada denboraldia TKE ligako gizonezko arraunlariek eta Orioko trainerua izan da TKE ligako garailea. Garaipen historikoa izan da, izan ere, lehen aldiz irabazi baitute TKE liga. Aurtengo edizioan, Orioko traineruan bi herritar izan ditugu arraunean: Josu Ostolaza (Aginaga) eta Odei Arrizabalaga (Itziarkoa jaiotzez baina duela urte batzuk Usurbilen bizi da).
Oriok irabazi du liga
Larunbatean Orioko traineruak Bermeoko bandera irabazi zuen. Emozioz betetako estropada jokatu zen, azken segundora arte ezin izan baitzen jakin oriotarrek edo hondarribiakoek eskuratuko zuten bandera. Azkenean, oriotarrek bandera irabazi zuten eta matematikoki liga eskuratu zuten. Hondarribia ia hiru segundo atzetik iritsi ziren helmugara eta hirugarren Santurtzi izan zen. Zortzigarren bandera eskuratu zuten beraz oriotarrek, eta harekin batera, estropada baten faltan, ligako koroa ziurtatu zuten.
Igandea berriz, Bilbon jokatu zen ligako azken estropada. Orio zazpigarren geratu zen sailkapenean, baina atzoko emaitza ez zen garrantzitsua izan, larunbatetik liga matematikoki irabazita baitzuten. Urdaibai izan zen txapeldun eta Ondarroak egin zuen bigarren denborarik onena. Sailkapenak sailkapen, Oriok irabazi du Eusko Label liga, eta koroarekin itzuliko dira etxera. Hirukoa borobildu zuten oriotarrek atzokoan, izan ere, aurtengo denboraldian liga irabazi duen hirugarren trainerua izan baita: Euskotren liga eta KAE 2 liga.
oriotarren errezibimendua
Arg.: Karkara
Orioko trainerua bapore handi batean sartu zen moilara, eta ontziaren proan Orioko arraunlariak TKE ligako koroarekin agertu ziren. Herritarrak, txaloka eta oihuka hartu zituzten arraunlariak.