Honlandako ToxicoWatch fundazioko Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman zientzialariak (Arg.: Noaua!)
Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkarteak eta hainbat zubietarrek joan den astean iragarri zuten moduan, Zubietako erraustegiaren eragina aztertzeko, Zubietan bertan eta inguruetan lagin batzuk hartzen hasi dira ToxicoWatch fundazioko kideak. Ikerketa honetan ere beste enpresa batek hartuko ditu laginak (momentuz ez dute izenik eman, baina adierazi dute Eusko Jaurlaritzak homologatutako enpresa bat dela).
Asteartean hartutako laginak arrautzak, oiloek jaten duten pentsua, belarra, lurra eta inguruko goroldioa kutsadura aztertzeko balioko dute. Tokiotik Euskal Herrira iritsi berri diren ToxicoWatch fundazioko Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman zientzialariak hari dira lan horiek egiten.
Orain jasotako laginak alderatu egingo dituzte erraustegia martxan jarri ondoren bildutakoekin, eta jendaurrera aterako dituzte emaitzak. Aldundiak ere esana du Biodonostiak jarraipena egingo duela. Zubieta Lantzen-ek bateragarritzat jotzen ditu denak: “Gure ikerketa independenteak haien emaitzekiko konparagarriak edo osagarriak izango dira eta erraustegia piztuko balute, urtero hartuko dituzte kutsadura laginak”.
Arg.: Noaua!, Txintxarri eta Argia
Lagin hauek, errausketaren zero gunetik hurbil dauden hainbat eremu eta herrietatik hartzen ari dira, asteartean hasi eta ostiralera arte: Zubieta, Añorga, Donostia, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Hernani eta Andoain. Era berean Zubietan, Realak entrenatzen duen lekutik eta ondoan dagoen Landaberri ikastola eremutik ere hartuko dituzte.
Zubieta Lantzen: “Guk dakigula, Espainiako Estatu mailan ekimen berritzailea da herri mugimendu edo herritarren elkarte batek halako ikerketa zientifiko bat lotzea, kutsadura datuak gure eskuetan izateko eta egoeraren analisi zorrotza egin ahal izateko. Bide batez, berriro eskatzen dugu erraustegia ez pizteko”.
2 thoughts on “Zubietako erraustegiaren eragina aztertzeko laginak hartzen hasi dira Zubietan eta inguruko herrietan”