
Bi herritar Txapelketan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bi herritarrek parte hartuko dute, bata bertsolari moduan, Asier Azpiroz Iztueta zubietarra eta bestea, gai-jartzaile moduan, Inaxio Usarralde Aranzadi aginagarra.
Asier Azpiroz Iztueta (Zubieta, 1991)
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan Lizentziatua eta lanbidez irakaslea. Añorgako Amassorrain ikastolan hasia bertso eskolan eta gerora Hernani eta Lasarte-Oriako bertso eskoletako partaide. Bertsolaritzan lehen pausuak: Lehen plaza 11 urte ingururekin eskolarteko txapelketan, Lazkaon
Inaxio Usarralde Aranzadi (Aginaga, 1967)
Hamalau-hamabost urte bete arte bizimodua etxean eta auzoan egin zuen gehienbat. Hamasei urterekin AEKn euskara eskolak ematen hasi zen. “Euskaltzaletu” egin zen eta, horrekin batera, bertsozaletu. Orduantxe lau lagun hasi ziren herriko irrati librean (Paotxa irratian) bertso programa egiten: Bota Punttuba, gerora talde izatera zabaldu zena eta, bere baitan, izen bereko bertso eskola bultzatu zuena. 1989an Egin Irratian bertso-programa egiten hasi ziren: Bota Punttuba hau ere. Itxi zieten arte iraun zuen. Lanbidez, beti euskalgintzan murgilduta ibili izan da bete-betean, edota euskalgintzatik gertu behinik behin. Bere lan ibilbidea: Arrasateko EMUN Koop. E.-n lan munduan euskara planak dinamizatzen, Mintzola fundazioan hizkuntza teknikari gisa eta Lazkaoko Udalean parte-hartze teknikari jardun du. Gaur egun EMUN Koop- E.-n hizkuntza aholkulari dihardu. Gai-emaile moduan aski ezaguna, 1989az geroztik txapelketa askotan ikusi dugu lan horretan, nola herrialde mailan (Gipuzkoako txapelketa desberdinetan) hala nazio mailan (Euskal Herriko txapelketa nagusian). Bertsolaritzan lehen pausuak: lehen plaza Usurbilgo Bota Punttubaren hastapenetan, herriko bertsolariekin antolatu zuten jaialdian. Gaiak taldean jarri eta Inaxio izan zen aurkezle.
16 saio
Hiru hilabetez, 16 saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa Oñatiko Santa Ana Antzokian izango da, irailaren 14an. Hortik aurrera, ia astero izango dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik.
Irudia eta sintonia
2019an, 100 urte betetzen dira Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zela. Hori dela-eta, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak keinu txiki bat egin nahi izan die Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrei eta txapelketako sintonia eta irudia sortzeko abiapuntu gisa hartu du urteurrena.
2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sintonia Don Inorrez musika taldeak egin du. Sintonia, irailaren 7an, Asteasun, parte hartzaileekin egingo zen aurkezpen festan aurkeztu zen, txapelketako aldizkariarekin batera.
Irudia eta diseinu lanak, berriz, Lanku Kultur Zerbitzuak erakundeak sortu eta garatu ditu.
Sarrerak eta jarraipena
Saio guztietako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarri ziren salgai bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, Bertsozale Elkarteko bazkideek bonua eskuratu ahal izango dute, finalerako ez beste saio guztietarako balio duena.
bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, bertsoa.eus atariak txapelketaren jarraipen berezia egingo du.
Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, #GBTX19 traola erabiliz.