Usurbilgo Euskaraldia batzordeak antolatuta, 2020ko Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen jarraitzeko bilera irekia egingo du irailaren 10ean (asteartea) Potxoenean, 17:00etan. 2020ko Eukaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte bitartean egingo da.
Usurbilgo Euskaraldia batzordea: “2020ko Euskaraldia prestatzeko lanak abiatzen ari dira Usurbilen. Horretarako bilera irekia izango da Potxoenean. 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean EUSKARALDIA bueltan datorkigu. batetik, aurreko edizioan bezala, Ahobizi eta belarriprest rolen ariketa kolektiboa izango dugu. bestetik, enpresa, erakunde publiko, saltoki, elkarte eta entitateei haien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da”.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute Euskaraldia, eta bidelagun dituzte erakundeak eta euskalgintzako eragileak. Egitasmoaren beraren aurkezpen ofiziala udazkenean egingo dute, baina oinarrizko proposamena landu dute dagoeneko. Herriz herriko euskaltzale taldeetan aurkezten ari dira, herri batzordeak izango baitira oinarri orain ere.
Arigune kontzeptua
Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu ardatz, herritarrek rol bat edo beste hartu ahal izango dute, baina bada berritasun bat: ariketa taldean egiteko modua. Arigune kontzeptua da nobedadea: euskaraz eroso jarduteko espazioak dira. Entitateen barruan egon litezke (langile taldeetan, adibidez), edo kanpoan (herritarrei begirako zerbitzuetan). Herritar norbanakoek ez ezik, entitateek ere izango dute lekua bigarren Euskaraldian.
NOIZ ETA ZENBAT EGUN?
Iazko Euskaraldia 11 eguneko ariketa izan zen, baina bigarrena luzeagoa izango da: hamabost egun. Azaroaren 20an (ostirala) hasiko da eta abenduaren 4an (asteazkena) bukatuko. Tartean harrapatuko du, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna.
ZEIN DA ENTITATEEN LANA?
Aurreko Euskaraldian sustatzaile soilak izan ziren entitateak: parte hartzera animatu zituzten beren kideak. Oraingoan, ariguneak sortzeko egokiera non dagoen jakiteko, aztertu beharko dute euskararen ezagutza nolakoa den entitate barruan. Bestetik, zilegitasuna eta babesa eman beharko diete ariguneetan ari diren partaideei. Ariguneak bereziki lan arloarekin daude lotuta, kontuan hartuta hiztunek denbora egiten dutela lantokietan, eta euskararen erabilerak badituela hutsuneak. Hala ere, ariguneak osatzera deituta daude askotariko eragileak: erakunde publikoak, gizarte eragileak, kirol taldeak, elkarteak…