2018ko Masusta Kofradiaren Egunean parte hartu zuten herritarrak
Irailaren 6an (ostirala) Masusta Kofradiak antolatuta Masusta Kofradiaren Eguna ospatuko da. Artzabalen afaria egingo da, 21:00etan hasita. Ekimena irekia dela adierazi dute antolatzaileek eta beraz, nahi duen herritarrak parte hartu dezake (aldez aurretik izena eman behar da).
Masusta Kofradia 2007. urtean sortu zen bost lagunekin. Geroztik, urtez urte ospatzen da irailean Masusta Krofradiaren Eguna. Aurten, 17. kofradea izendatuko da, jai eta kantu giroan.
Egitaraua
- Afari irekia Artzabal tabernan.
- Kofradegaiaren aurkezpena.
- Jantzi banaketa eta janztea.
- Masustaren propietateen irakurketa.
- Kofrade berriaren zin egitea.
- Hurrengo urterako kofradegaiaren izendapena.
- Masustaren ereserkia.
- Dena jai eta kantu giroan ospatzen da.
MASUSTAREN ERESERKIA
Larraren fruitu da bera
garaian zein ugaria!
ale txikiena ere
elikagaiz da haundia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.
Masusta heldu denean
beltza da bainan garbia
elikatzeaz gainera
arazten duen jakia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.
Erromatarrek zioten
oso estimu handia
guk ere gora dezagun
merezi duen guztia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.