2018an ospatu zen Baba Txiki Beltza Kofradiaren festa eguna (Arg.: Noaua!)
Abuztuaren 29an (osteguna), Baba Txiki Beltza Kofradia berriz elkartuko da baba preziatuaren inguruan ospakizun berezia egiteko. Aurtengoa 22. edizioa izango da eta urtero egiten den moduan, kofradekide berria izendatuko dute jaialdian. Iaz Iñaki Almandoz Aranburu herritarra izendatu zuten eta aurten, iaz jakinarazita, Rufino Izagirre izango da.
Bazkaria Saizar sagardotegian
Bazkaria Saizar sagardotegian egingo da (14:00ak aldera) eta irekia izango da. Antolatzaileek jakinarazi dute baba beltz txikia dastatuko den bazkaria kantu eta festa giroan ospatuko dela. Bazkariko menua hauxe izango da: baba beltz txikia, isatsa saltsan eta postrea. Lekua aurretik erreserbatu behar da eta horretarako Saizar sagardotegira deitu behar da: 943 364 597
lau hamarkadako tradizioa
Lau hamarkadako historia omen du egun honek eta erritua hutsik egin gabe ospatzen jarraitzen dute. Abuztuko azken ostegun batean hasi ziren biltzen, eta tradizioarekin mantentzen dute.
Laiak lagundutako erritua
Urteroko bilkurak bi osagai berezi ditu:
- Menua: baba beltz txikia.
- Bazkalosteko ospakizuna: kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen da, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera. Hautatutakoari kapa eta txapela jartzen zaio eta zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute laiaren laguntzaz (lurra lantzeko tresna). Aurten ere, kofradiak duen ereserkia abestuz, kide berriari ongi etorria emango diote, lehendik kofradekide izendaturikoek.