Gaur, uztailak 3, 2019-23 legealdirako Zubietako Herri Batzar berria eratuko da. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Zubietako Kaxkape lokalean. Maiatzaren 26an Zubietako Herri Batzarra berritzeko aukera izan zuten zubietarrek. Guztira 5 hautagai aurkeztu ziren deialdira, bi Usurbil aldetik eta hiru Donostia aldetik. Bi aldeetan bozkatuek izan diren hautagaiak izango dira alkate datozen lau urteotan; 2019-21 urte artean Usurbil aldekoa, Haritz Arrizabalaga, 2021-23 urte artean Donostia aldekoa, Jon Arroyo.
Maiatzaren 26ko bozketaren emaitzak
Usurbilaldean:
- Haritz Arrizabalaga: 81 boto.
- Urtzi Alberdi: 41 boto.
Donostialdean:
- Jon Arroyo: 63 boto.
- Eneko Izagirre: 46 boto.
- Iñaki Izagirre: 44 boto.
Lau urteko legealdia bitan zatitua
Lau urteko legealdia bitan zatitua egoten da. Lehen bi urteetan, usurbildarrek gehiengoz hautaturiko alkatea egongo da bi urtez; 2021 arte Haritz Arrizabalaga. 2021-2023 urteetan berriz, donostiarrek gehiengoz hautaturiko alkatea egongo da, Jon Arroyo.
Zer hautatu dute zubietarrek?
Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatzen dira (aurten 5): 3 donostiar eta 2 usurbildar, guztiak Zubietan helbideratuak.
BATZARRAREN FUNTZIOAK
- Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
- Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
- Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
- Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
- Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
- Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.