Usurbilgo Udaleko udalbatzak, Usurbilgo II. Adikzioen Tokiko Plana onartu du alderdi politiko guztien adostasunarekin. Planaren iraunaldia 2019-2023 artekoa da eta AGIPADek garatu du. Udalaren esanetan plan hau herriko talde eta eragileekin osatu da eta helburu nagusia bizi kalitate hobea duen udalerria lortzea da.
Usurbilgo Udala
“Drogamenpekotasunaren arloan eskarmentu handia duen elkartea da AGIPAD eta hainbat eta hainbat erakunderekin ditu hitzarmenak gai hori lantzeko. Baita Usurbilgo Udalarekin ere. Udalak adikzioen prebentziorako 1go plana 2013an onartu zuen, eta plan horren indarraldia amaituta, 2018an ekin zitzaion plangintza hori eguneratzeari. Izan ere, drogamenpekotasunen fenomenoa oso aldakorra da, eta bere egunean ezarritako proiektu eta ekintzak aldizka ebaluatzea eskatzen du. Horretaz gain, plana berritzerakoan, EAEko legea aldatu denez, lege berria kontuan hartuta osatu da”.
Drogamenpekotasunen fenomenoak Usurbilgo biztanle guztiei kezkatzen dien gaia denez, denek ekarpenak egiteko aukera izatea bilatu da, norberaren esperientziatik abiatuta. Hala, 2018ko otsailean egin zen lehenengo deialdia eta urte osoan zehar egin dira eztabaida-talde eta elkarrizketak, honako talde hauekin: Udarregi ikastola, Hitz Aho guraso taldea, Ziortzako hezitzailek, Usurbilgo Lanbide Hastapena, Zubietako jai batzordea, Gizarte Zerbitzuak, Gaztelekua, Udaltzaingo/Ertzaintza eta Sasoia. Hortaz, plan berria udalerriko bizitza komunitarioan parte hartzen duten biztanle eta gizarteko kolektibo horiek guztiek egindako ekarpenek kontutan izanda osatu da”.
Helburu nagusia bizi kalitate hobea lortzea
II. Adikzioen Tokiko Planaren helburu nagusia bizi kalitate hobea lortzea da: “Helburu nagusia prebentzioan emaitza positiboak lortzea da eta horretarako, mendekotasunei dagokienez, sektore ezberdinen arteko koordinazioan eta planifikazioan eraginez, egiten diren esku-hartzeetan eraginkortasuna handitzea bilatzen da”.
Lukene Lizaso, AGIPADeko kidea
Mendekotasunen Prebentziorako Usurbilgo lehenengo plana 2013an onartu zen, lau urtetarako. Plangintza hori ebaluatu eta berritzen ari da AGIPAD elkartea. Lukene Lizaso AGIPADeko kideak du horren ardura: “Usurbilen ez dago errealitate paralelo bat. Ez da munduan dagoen irla isolatu bat, eta gizartearen isla ere bada, horrenbestez, Usurbil. Edonola ere, horrek ez du esan nahi ez dagoela ezer egiterik edota ezer egiteko gogorik. Aurkakoa baizik. Jaso ditugun pertzepzioa beste bat izan da: herria kontzientzatu eta herri osasuntsu eta osasungarria izan nahi duela argi geratu zaigu”.