Pasa den igandean udal, foru eta Europako hauteskundeekin batera, Zubietako Herri Batzar berri osatzeko hauteskundeak ere burutu ziren. Usurbil aldetik bi hautagai aurkeztu ziren eta Donostia aldetik berriz hiru:
- Usurbil aldeko bi hautagaiak: Urtzi Alberdi Zulaika eta Haritz Arrizabalaga Garmendia.
- Donostial aldeko hiru hautagaiak: Jon Andoni Arroyo Arozena, Eneko Izagirre Castresana eta Iñaki Izagirre Zuloaga.
Usurbil aldean, Haritz Arrizabalaga izan zen bozkatuena eta Donostia aldeko zubietarren artean aldiz, Jon Arroyo.
Bozketaren emaitzak
Usurbilaldean:
- Haritz Arrizabalaga: 81 boto.
- Urtzi Alberdi: 41 boto.
Donostialdean:
- Jon Arroyo: 63 boto.
- Eneko Izagirre: 46 boto.
- Iñaki Izagirre: 44 boto.
Lau urteko legealdia bitan zatitua
Lau urteko legealdia bitan zatitua egoten da. Lehen bi urteetan, usurbildarrek gehiengoz hautaturiko alkatea egongo da bi urtez; 2021 arte Haritz Arrizabalaga. 2021-2023 urteetan berriz, donostiarrek gehiengoz hautaturiko alkatea egongo da, Jon Arroyo.
Zer hautatu dute zubietarrek?
Zubietako Herri Batzarreko 6 kide hautatzen dira (aurten 5): 3 donostiar eta 2 usurbildar, guztiak Zubietan helbideratuak.
BATZARRAREN FUNTZIOAK
- Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
- Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
- Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
- Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
- Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
- Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.