Martxoaren 8ko greba feminista taldeak antolatuta, bi film proiekzio eskainiko dira datozen asteetan, biak herriko frontoian, 21:00-21:30ak aldera:
- Maiatzak 30, osteguna: “80 egunean”.
- Ekainak 13, osteguna: “Daniar Neska” (La Chica Danesa).
80 egunean
80 egunean 2010 urtean Jon Garaño eta Jose Maria Goenagak idatzi eta zuzendutako euskal filma da. Donostiako Zinemaldian 2010eko Donostia Film Comissionen saria lortu zuen, baita Gehitu elkartearen Sebastiane saria ere. Axun (Itziar Aizpuru) eta Maitek (Mariasun Pagoaga) eskolan ezagutu eta bion arteko harremanak ezin laguntasunetik baino haratago joan. Bizitzak bananduta, Axun ezkondu egiten da eta Maitek bere benetako sexualitatea ezagutzen du. Berrogeita hamar urte pasa eta gero Donostiako ospitale batean topatu eta lehenengo sentimenduak berpizten dira.
Daniar Neska
The Danish Girl (euskaraz Daniar Neska) 2015eko Tom Hooper britainiar zinema zuzendariak zuzendutako biografia drama film bat da. 2000ko David Ebershoff estatubatuar idazlearen izenburu bereko The Danish Girl eleberrian oinarritua dago. Eddie Redmayne, Alicia Vikander, Matthias Schoenaerts, Ben Whishaw, Sebastian Koch eta Amber Heard aktoreek antzeztu zuten. Lili Elbe/Einar Wegener (Eddie Redmayne) eta Gerda Wegener (Alicia Vikander) daniar artisten bizitzan oinarritua dago. Senar-emazte hauen bizitza emazteak margotu behar zuen emakumezko modeloa Einarrek ordezkatu zuenean aldatu zen. Erretratuek arrakasta izatean, emazteak senarra emakumezko itxura bereganatu dezan bultzaraziko du. Joko gisa hasi zena Einarrentzako ezusteko metamorfosia bilakatuko da.