“Etorkizunerako ostiralak” (Fridays for future) lemapean nazioarteko ikasleen mugimenduak klima eta planeta babesteko ostiralerako (maiatzak 24) deitua duen greba egunerako, GuraSOSek mobilizaziorako proposamena egin die gazte erakundeei. Erantzuna baiezkoa izan da eta beraz, ostiralerako, bi hitzordu deitu ditu Gurasosek Donostian: 19:00etan eserialdia Alderdi Ederren eta 20:00etan manifestazioa, “Plastikoa XXI. mendeko amiantoa, erraustegia=klima aldaketa=kutsadura. Alternatiba badago” lemapean.
Bi ekimen hauek helburu argi batekin egingo dira: igandeko hauteskundeetara aurkezturiko hautagaiak klima aldaketaren larritasunaren aurka berehala neurriak har ditzaten exijitzeko.
Bigarren greba
Ostiralekoa nazioarte mailako bigarren greba izango da, martxoaren 15ean egin baitzen lehenengoa. Oraingoan ere unibertsitate eta institutuko ikasleak mobilizatu nahi dituzte ostiralean.