Igandean (maiatzak 5) Andatza Eguna ospatuko da. Usurbilgo Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak, Zirimarak (Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E.) eta Santueneko lagunek antolatuko dute aurtengo Andatza Eguna. Usurbildarrok eta inguruko herrietakoak ere, Andatzara igo, hamaiketakoa dastatu eta jolaserako tarteaz gozatzeko aukera izango dugu.
Antolatzaileek, aurtengo Andatza Egunean berrikuntza bat egongo dela iragarri dute: jolasak. Ekimen hau, Eskola Kiroleko proiektua berritzen ari diren Zirimarako hezitzaileen eskutik egingo da. Andatzara familia giroan eta jolasean igotzeko gonbita luzatu dute. Parte hartzea irekia. Horretarako familia plan berria prestatu dute Zirimarako hezitzaileek: “Sorpresaz betetako igoera izango da. Behin Andatzara igotakoan, familia argazkia atera eta beste jolas batzuetan parte hartzeko aukera izango da. Beherako ibilbidea bakoitzak nahi duenean egingo du”.
Andatza eguneko egitaraua
- 09:00 Ibilbideari ekiteko lehenengo hitzordua: Usurbilgo dema plaza.
- 09:30 Ibilbideari ekiteko bigarren hitzordua: San Estebango ermita. Haurrekin egiteko egokiagoa. Ibilbidea jolas batean parte hartuz egingo dugu.
- 10:00 Igartzazabal baserrian ibilaldian sartzeko aukera.
- 10:30etatik aurrera, pintxoak eta sagardoa Andatzako bordan.
- 12:00 Familia argazkia. Andatzako borda parean.
- 12:05 Jolasak Andatzako zelaian Zirimararen eskutik.
Arg.: Noaua! eta Xingola