Asteazkenean, maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko da. LAB sindikatuak Iruñean eta Baionan ekimenak egingo ditu. Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, “Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” lemapean, gazteak, pentsiodunak, lan gatazketan borrokan ari diren langileak, migranteak eta feministak oso presente izango ditu LABek.
LAB: “Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi”. Hauxe da Maiatzaren Lehenerako osatu dugun leloa. Kapitalismoaren benetako aurpegia agerian utzi nahi dugu. Langileok bizi proiektu aske bat egiteko aukerarik ez dugu, eta, horregatik, kapitalarekin hautsi nahi dugu, bizitzak erdigunean kokatzeko. Aldaketa sozial eta politikoa helburu, herri bezala erabakitzea, Euskal Herriak erabakitzea aldarrikatzen dugu. Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du”.
deialdi bikoitza: baiona eta iruña
Deialdi bikoitza egingo da: Ipar Euskal Herrian, Baionan mobilizatuko dira. Iazko ildoa jarraitzen ari dira antolatzen, sindikatuek eta eragile desberdinek bat eginda.
Hego Euskal Herrian, berriz, Iruñean mobilizatuko dira, egun osoko egitarau batekin. Mobilizazio nagusia 12:00etan izango da, Gaztelu plazatik abiatuta. Aurtengo berritasuna M1 gunea izango da, Redin plazan egingo dena. Jan-edanak, musika eta haurrentzako ikuskizun nahiz jolasak izango dira aukeran, egun osoan. Heldu nahiz haurrentzako egitaraua proposatuko du LABek, lagunartean nahiz familia giroan eguna pasa ahal izateko.
M1 guneko egitaraua (redin plaza)
- 13:30 Irekiera, bazkaria eta plaza soziala
- 14:00 Irrien lagunak, puzgarriak eta jolasak.
- 15:00 dantzaldia eta kontzertua: The trikiteens eta Hara!
Autobusa Usurbildik
Usurbilgo Ernaik autobusa antolatu du Iruñera joateko. Izena emateko zerrenda Aitzaga tabernan dago: “Maiatzaren Lehenean gazteok Iruñera. LAB sindikatuaren deialdiarekin bat eginez, Gazte Blokea eta mobilizazio naziona. Autobuserako izenematea Aitzaga tabernan. Gora langileon borroka! Euskal gazteria lehen lerrora!”
Iruñean bost zutabe
Iruñen mobilizazio nagusia 12:00etan izango da, Gaztelu plazatik abiatuta eta bertan amaituko da, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzearekin. Aurretik, 11:00etatik abiatuta, bost zutabe irtengo dira bost toki desberdinetatik, bost aldarrikapen nagusirekin.
Borroka Laboralak zutabea
Arrotxapeatik abiatuko da, “Euskal Herria contra la precariedad. Lan duina, bizi duina” aldarriarekin.
Feministak zutabea
Antsoainetik irtengo da, Capuchinoseko biribilgunetik, “La brecha salarial es un problema político. Lan guztien aitortza orain” aldarriarekin.
Gazteak zutabeak
Txantrean izango du abiapuntua, Irubide institutuan, hain justu, “Bizitzak biziarazi. Prekarietatearen aurka, euskal gazteria lehen lerrora!” leloarekin.
Migranteak zutabea
Nabarreria plazatik abiatuko da, “Bertako zein kanpokoak langile klase berekoak. Vidas dignas para todas” mezuarekin. 11:30ean irtengo da zutabe hau.
Pentsionistak zutabea
11:30ean ere irtengo da, Estafetako bihurgunetik, “Hemen lan egin, bizi, erabaki. Aquí decidimos nuestras pensiones. 1.080 euro orain!“, leloarekin.
Informazio gehiago: lab.eus