Igande honetan burutu diren Espainiako kongresu eta senaturako hauteskundeetan Usurbilen EHBildu koalizioa nagusitu da, 1.545 bozka lortu ditu. Bozka emateko eskubidea 4.698 usurbildarretik izan dute, horietatik 3.526 herritarrek bozka eman dute eta 1.172 abstenitu egin dira.
Partehartzeak gorantz egin du, 2016an %64,44koa izan zen eta orain berriz, %75,14koa. Abstentzioan ere aldaketa egon da, beherantz egin du, 2016an %36,56koa izan zen, eta 2019an %24,86koa.
Usurbilgo EHBilduk herritarrak zoriondu ditu lortutako emaitzengatik: “Zorionak Usurbil! Emaitza bikainak! Eskerrikasko berriro ere EHBilduren proiektuarekin bat egiteagatik”.
Orokorrean EAJ-PNVk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irabazi du, eta alderdi bozkatuena izateaz gain, diputatu bat gehiago izango dute Madrilen. Nafarroan Navarra Suma-k irabazi du. EH Bilduk bi diputatu gehiago izango ditu Espainiako Kongresuan, horietako bat Araban Javier Marotori kendutakoa. Espainian PSOE nagusitu da, baina akordioak beharko ditu gehiengoa osatu nahi badu.
GIPUZKOAREN ORDEZKARITZA madrilen
Gipuzkoan EAJ nagusitu da, bigarren EHBildu, atzetik PSE eta Podemos. Gipuzkoa 6 diputatuok ordezkatuko dute Espainiako Kongresuan. Horien artean usurbildar bat izango da, Mertxe Aizpurua kalezartarra.
EAJ (118.928, %29,14): 2 diputatu
- Joseba Andoni Agirretxea Urresti
- Iñigo Barandiaran Benito
EHBildu (95.784, %23,47): 2 diputatu
- Mertxe Aizpurua Arzallus
- Jon Iñarritu Garcia
PSE (76.651, %18,78): diputatu bat
- Odon Elorza Gonzalez
Podemos (70.384, %17,24): diputatu bat
- Pilar Garrido Gutierrez