Zubietan jarri den desfribiladorea (Arg.: Xingola)
Usurbilgo Udalak herriko lau gunetan desfibriladoreak jarri dituela jakinarazi du. Horiez gain, udaltzainek ere desfibriladore portatil bat ere izango dute aurrerantzean, larrialdi kasuetarako. Harane Futol Zelaian eta Oiardo Kiroldegian zeudenei gehitzen zaizkie bost gailu berri hauek. Udalaren esanetan, helburua udal-eraikinak edota toki publikoak gailu horiekin hornitzea da, bizitzak salba ditzakete-eta.
- Aginagan, Arrate zahar-egoitzaren sarreran.
- Santuenean, frontoiaren aldamenean dagoen Aldapeta udal-lokalaren sarreran.
- Zubietan, frontoiaren atzeko paretan, udal panelaren ondoan.
- Kaxkoan, Sutegiko pasabidean.
Udalak adierazi du herrian bihotz-birika geldialdia ematen den kasuetan berehalako arreta emateak duen garrantziaz jabetuta jarri dituela desfibriladoreak.
Zer dira desfribiladoreak?
Desfribiladoreak boltaje altuko deskargak ematen ditu bihotzaren erritmoa berreskuratzeko, arritmia kasuetan. Horrelako kasu baten aurrean erabiliz gero, bizirauteko aukera gehiago dago: “Erabilera erraza eta segurua eta osasungintzan adituak ez direnak erabil dezakete gutxieneko ezagutza badu. Larrialdi bat gertatzean, hori bideratzeko beharrezkoa da egoera antzematen jakitea, ahalik eta azkarren artatzea eta, desfibriladorea izanez gero, gailua erabiltzeko gai izatea”.
Ikastaroak
Udalak jakinarazi du desfribiladoreak jartzea bezain garrantzitsua dela gailu hauek erabiltzen jakitea, eta, beraz, erabileran trebatzeko ikastaroa eskainiko dute DYAko boluntarioek: “Proiektu honek arrakasta izateko, ezinbestekoa da herritar gehienak trebatzea susperketa maniobretan eta DEA aparatuaren erabileran”.
Ikastaroak irekiak izango dira, eta nahi duen guztiek parte hartu dezakete. Kalean egingo dira, desfibriladoreak dauden inguruaren bueltan. Herritarrei eskainitako ikastaroez gainera, udaltzainei eta udal-langileei formazio berezia ere eskeiniko zaie.
- Aginagan: martxoak 25 (astelehena), 18:30-20:30.
- Santuenea: martxoak 26 (asteartea), 18:30-20:30.
- Zubieta: martxoak 29 (ostirala), 16:30-18:30.
- Kaxkoa: martxoak 29 (ostirala), 19:00 21:00.