Inauteriak gerturatzen ari dira eta zubietarrak ere hasi dira prestaketa lanetan. Otsailaren 23an (larunbata), Zubieta Lasarte-Oriarekin senidetuko da Euskal Inauteriak ospatzeko. Azken urteotan bezala, ekimen hau Zubietako herriak eta Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen dute. Zubieta eta Lasarte-Oria batzen dituen zubia da lotunea. Zubian bertan lasartearrek harrera egin eta senidetze ekitaldia ospatuko dute. Ondoren Lasarte-Oriarik barrena kalejiran eta erromerian joango dira eta amaieran suaren ekitaldi berritua (xomorro guztiak irudikatzen dituen Kaxkamalo erreko dute) eta txokolate jana izango da.
Egitaraua
- 11:00-13:00 Lasarte-Oriako Sagardotegi kaletik abiatuta, elkarteetan zehar Puska Bila.
- 16:30 Zubietako plazan ekitaldia.
- 16:45 Zubietatik Lasarte-Oriara (Okendora) kalejira.
- 17:00 Lasartearren harrera: lasartearrek zubietarrei gonbidapen dantza eta zubietarren erantzuna.
- 17:15 Zubietarren eta lasartearren senidetze dantzaldia.
- 17:30 Kalejira herritik.
- 19:00 Erromeria eta suaren ekitaldi berritua.
- Amaitzeko, txokolatada goxoa plazan.
Pertsonai berria: Sugarbi
Euskal dantzak eta etnografia bateratzen dituen ekintza honek hainbat berrikuntza aurkeztuko ditu aurten. Pertsonaia berria izango da: Sugarbi. Xomorroak purifikatzen dituzten sugarrak irudikatuko dituzte horiek. Zaku eta larruekin joango dira jantzita, eta ikatzez belztuta. Desfilean txantxoekin batera ikusteko aukera egongo da, eta Kaxkamalo sutara botatzen protagonista izango dira. Une horretan gazteek sorkuntza koreografia bat dantzatuko dute, eta Lasarte-Oria xomorro eta gaitz guztiez garbituko dute.
txantxo guztiak Zubietatik aterako dira dantzan
Txantxoen irteera lekua aldatuko dute. Orain arte, zubietarrak bakarrik ematen zioten hasiera Euskal Inauterietako desfileari. Zubietan dantza egin eta Hipodromoko zubiraino bidea egiten zuten; bertan Lasarte-Oriako txantxoek kalejirarekin bat egiten zuten. Aurten, aldiz, txantxo guztiak Zubietatik aterako dira dantzan. Hipodromoko etorbideko zubian Lasarte-Oriako Euskal Inauterien korporazioa izango dute zain, herritarrekin batera. “Zubietaraino joan nahi ez dutenek, zubian itxaron dezakete,” ohartarazi dute antolatzaileek.