Etxerat Elkarteak jakinarazi du asteburu honetan euskal presoei bisitan ziren lagunek istripuak izan dituztela, bi istripu gertatu dira. Batetik, Herrera de la Mancha espetxean (bere etxetik 580km-tara) aurkitzen den Jon Mirena San Pedro Blanco preso politikoaren bi lagunek istripua izan zuten asteburuan bisita egin ostean, etxera bidean. Bestetik, Curtiseko espetxean (Pontevedran, bere etxetik 700 kilometrotara) dagoen Luis Mariñelarena preso politiko etxarriarraren bi lagunek asteburu hontako bigarren istripua pairatu dute.
Lehe istripua
Arg.: @EtxeratElkartea
Ezbeharra 16:30ak aldera gertatu zen Pancorvo inguruan, elurraren ondorioz aurreko bi kotxeak irristatu eta haietako bat errepide erdian gurutzatuta geratu zen; presoaren lagunek ezin izan zuten talka ekiditu. Bertan artatuak izan ziren eta kotxearen egoera txarraren ondorioz taxian bueltatu ziren etxera.
Etxerat Elkartea: “Dispertsioak eragindako hirugarren istripua da, kontutan hartuta urtea hasi berri dugula. Euskal presoen 6 senide eta lagunek , 5 nagusik eta 23 hilbateko haurrak, dispertsioaren eragina jasan dute urteko 32 lehen egun hauetan gertatutako hiru ezbeharretan. Etxerat elkarteak azpimarratu nahi du istripu hau Bilbotik, Jon Mirena San Pedroren bizilekutik, 100 kilometrotara gertatu dela, beraz, honek ez du esan nahi dispertsioak jazarritako arriskua distantzia handitan gertatzen denik, ezta ere distantzia hauek murriztean desagertuko denik. Euskal preso politikoen senide eta lagunen biziak arriskuan ez egoteko, hauek Euskal Herrian egotea ezinbestekoa da”.
Bigarren istripua
Arg.: @EtxeratElkartea
Ezbeharra goizeko 10:30ak aldera gertatu zen, Cantabria inguruan kazkabarra hasi zenean. Euskal presoaren lagunen kotxeak irrist egin zuen eta beste kotxe bati kolpea jo zion; ondoren hesiari. Denak onik atera dira eta Luis Mariñelarenaren bi lagunek bidaia jarraitzea lortu dute, bisita burutuz.
Etxerat Elkartea: “Urteko 33 egun hauetan euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatzen duten laugarren istripua dela aipagarria da. Etxerat elkarteak istripu berri hau salatu nahi du, azpimarratuz zoriak ekidin duela ezbehar honen ondorioak larriagoak ez izatea eta gogorarazi nahi du istripu hauen erantzukizuna dispertsio politikaren kudeatzaile eta bermatzaileena dela. Astebururo, bisita dagoenean, euskal preso politikoen senide eta lagunak bidai luzeak egitera behartuak daude; hauek espetxera iristeko egin behar duten distantzia, errepidearen egoera eta ezarritako ordutegiei erreparatu gabe. Etxerat elkarteak euskal gizarteari, eragile eta erakunde ezberdinei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die, dispertsioarekin behingoz amaitu arte”.
Elkarretaratzeak
Etxerat elkarteak “Dispertsioa stop!” lemapean, elkarretaratzeak antolatu ditu ezbehar hauek salatzeko eta, aldi berean, dispertsio politikak presoen senide eta lagunei, bixita bat egin ahal izateko, milaka kilometro egitera behartzen dituela gogoraraztea, euren bizitzak arriskuan jarriz astebururo.
- IRUÑEA, otsailak 4, astelehena, 20:00etan Gobernu Zibilaren aurrean.
- GASTEIZ, otsailak 4, astelehena, 19:30etan Ama Zuria Enparantzan.
- DEUSTU, otsailak 4, astelehena, 18:30etan Done Petri Plazan.
- BILBO, otsailak 5, asteartea 19:30etan Arriaga Plazan.
- DONOSTIA, otsailak 6, asteazkena, 19:00etan Bulebarrean, Udaletxearen ondoan.
- ETXARRI ARANATZ, otsailak 8, ostirala, 20:00, herriko plazan.