Ekainaren 16an (igandea), Urdiñarbeko maskarada Usurbilen izango da. Hego Euskal Herrian Zuberoako maskaradak eskainiko duen ikuskizun bakarra Usurbilgoa izango da. Eguna iritsi aurretik ordea, Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldeak deialdi berezi bat egin du. Maskaradak zer diren, hurbiletik ezagutu eta girotzen hasteko, maskaraden denboraldi betean den Pagolara (Xiberua) irteera antolatu du otsailaren 17rako (igandea). Pagola herrian ospatuko dute apirilera arte iragarriak dituzten 16 emanaldietako bat.
Otsailak 17, igandea
- 8:30 Irteera Oiardo Kiroldegitik autobusez.
- 11:00 Pagolara (Zuberoa) iritsi eta goizeko barrikada ikusi.
- Eguerdian, bazkaria (janaria norberak eraman beharko du. Aterpea ziurtatua dago. Kafea Orbeldiren kontu).
- 17:00ak aldera, maskaradaren arratsaldeko saioa.
- 19:00 Itzulerako autobusa.
- 21:30 Usurbilera iritsi.
Oharrak
- Izen ematea, otsailaren 8ra arte (ostirala): orbeldi.udt@gmail.com helbidera idatzita edo ostegunetan, 19:00-21:00 artean Kiroldegiko dantza gelan.
- Adin txikikoek arduradun batekin joan beharko dute.
- Autobusaren prezioa: 10 euro.
Urdiñarbeko gazteak
2019ko Xiberoko maskaradak, Urdiñarbeko gazteek ematen dituzte. Urtarriletik apirila arte, hamasei agerraldi izango dira guztira. Maskarada urtarrilaren 6an hasi zen Urdiñarben eta azkena apirilaren 21ean herri berean izango da. Bi emanaldi horien artean, Xiberoko beste hainbat herritan ibiliko dira. Denetan, 50 bat arizale baino gehiago ibiliko dira Xiberoko herri ezberdinetan aurtengo maskaraden eskaintzeko. 10:00etan barrikadak muntatzen dituzte eta maskarada bera arratsaldeko 15:00ak aldean ematen dute.
a
Arg.: Heliane Heguiaphal
- Barrikadak: Ohikoa da goizeko barrikadetan bidea oztopatzea, batzuetan dantzariei lekua uzteko, bestetan beltzeriak hala nahi baitu.
- Beltzak: Beltzen taldean kauterak, belagileak eta buhameak badira. Aurten, Entseinari beltza da buhame nagusia.
- Dantzariak: Urdiñarben, beste herri gutxitan bezala, dantzari beltzak eta gorriak badira. Goiko argazkietan bi zanaltzainak buruz buru.
- Predikua: Kabana Handiaren predikua momentu azkarra da, kezka doi bat pizten duena, herriko istorioen aipamena egiten baitu.
- Belaunaldiak: Herri anitzetan begi bistakoa da belaunaldi gazteetan maskaradarekiko atxikimendu handia badela.
- Barrikada haustea: Goizeko barrikadak egiazko barrikadak omen ziren lehenago, datzariek jauzika gainditu beharrekoak
a
2019ko maskaradaren egitaraua
- Urtarrilaren 6a: Urdiñarbe
- Urtarrilaren 13a: Ürrüstoi Larrabile
- Urtarrilaren 20a: Altzürükü
- Urtarrilaren 27a: Lexantzü
- Otsailaren 3a: Mendikota
- Otsailaren 10a: Eskiula
- Otsailaren 17a: Pagola
- Otsailaren 23a: Maule
- Martxoaren 3a: Barkoxe
- Martxoaren 10a: Idauze-Mendi
- Martxoaren 17a: Garindaine
- Martxoaren 24a: Larraine
- Martxoaren 30a: Aloze
- Apirilaren 7a: Hoki
- Apirilaren 14a: Muskildi
- Apirilaren 21a: Urdiñarbe
- Ekainaren 16a: Usurbil
Informazio gehiago
- eke.eus/maskarada-pagolan
- dantzan.eus/zuberoako-maskaradak-egutegia
- dantzan.eus/manexaren-gida-10-gomendio-maskaradetan-ez-galtzeko
- eke.eus/antzerkigintza/maskaradak
- noaua.eus/usurbilgo-maskaradarako-girotzen-hasteko-zuberoako-pagolakoa-ikusteko-irteera
- xiberokobotza.org/xiberoko Maskaraden sasoa abiatzen da igante hontan Urdiñarben
- xiberokobotza.org/oh Pitxu Oh, Maxkaraden sasoa abiatürik da.
- xiberokobotza.org/Pagolarrak abiatürik
- berria.eus/iratzarri_dute_hartza