Abenduaren 12an (asteazkena), Sutegi Udal liburututegiak antolatuta, Yolanda Arrietak bere azken lanak aurkeztuko ditu: “Kuttun-kuttunak”, “Bizenta-Txiki” eta “MariXor”. Solasaldia Sutegi udal liburutegian izango da, 18:00tan.
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Etxebarria, Bizkaia) euskal idazlea da. Magisteritza ikasketak egin zituen Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Antzerkia eta Kultura eta Gizarte Antropologia ere ikasi ditu. 2015ean Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen Argiaren alaba liburuarekin. Hainbat liburu argitaratu ditu Haur eta Gazte literaturan zein helduenean.
Idazteaz gain, ordea, Idazketa sortzailearen inguruko lantegiak gidatzen ditu, eta literaturara hurbiltzeko saioak ere egiten ditu haur txikien guraso eta irakasleekin. Itzultzaile lanetan ere aritu da, Ez da hain erraza haurra izatea! (2008) eta Irakasleen epidemia kasua (2011) aipatzekoak.
Literatura ardatz duten zenbait produktu ere sortu ditu: testu liburuetako Literatura atala, egutegi olgetariak, postalak, margotzeko liburuak, albumak familia ospakizunetarako… Prentsan ere aritu izan da azken urteotan: Deian, Berrian, Argian,… Denbora batez telebistako gidoilari lanetan ere aritu da, ETBko Hasiberriak eta Baietz gogoratu! programetan.
Gaiei dagokionez, behin baino gehiagotan emakumeek ahozko literaturaren transmisioan izan duten garrantzia azpimarratu izan du.