Usurbilgo Udalak eta herriko hainbat eragile eta norbanakok, “Euskaraldia” ekimena antolatzen dabiltza. Helburua, euskararen erabilera suspertzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra iragarri den Euskal Herri mailako ekimena prestatzea da. Ekimen hori antolatzen jarraitzeko bilera irekia egingo da irailaren 6an (osteguna), Potxoenean, 18:00etan. Bilera irekia da, nahi duen edonork parte hartu dezake.
Euskaraldia talde eragilea: “Usurbilen euskararen egoera hobetzeko zerbait egin nahi duzu? Aukera ederra duzu galdera horri baiezkoa emateko. Izan ere, dagoeneko jakingo duzun bezala, aurten Euskaraldia egingo dugu Euskal Herrian zehar. Ekimen honen helburua euskararen erabilera aktibatzea da, eta Usurbilen dagoeneko batzordea sortu da. Uztailaren 5ean Potxoenean bilera egingo dugu arratsaldeko 18:00etan eta zuk ere parte hartzea nahiko genuke. Zatoz gurekin Euskaraldia prestatzera!”.
Ekimenean parte hartzeko deia
Bien bitartean, Euskaraldia talde eragileak irailaren 20an zabalduko du epea ekimenean parte hartu nahi dutenek izena emateko. “Ahobizi” edo “Belarriprest” gisara parte hartu ahalko da Euskaraldian, edota antolaketa lanetan ekarpenak eginez.
Euskaraldia sustatzeko udal-adierazpena
Uztaileko Udalbatzaren ondoren, argazkia atera zuten hautetsi guztiek, hartu duten konpromisoaren adierazle. (Arg.: Usurbilgo Udala)
Usurbilgo Udaleko udalbatzak azken ez ohiko bilkuran Euskaraldia udalean sustatzeko erakunde-adierazpena onartu zuen aho batez: “Euskaraldiak 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango dira eta 11 egunez helduen hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, ulermena balioan jarrita. Bi subjektu mota bereizi dira: ahobiziak eta belarriprestak”.
Erakunde-adierazpenak nabarmentzen duenez, Usurbilen bizi den bi urte edo gehiagoko biztanleriaren % 72,51 euskalduna da eta beste %11,13ak euskara ulertzen du. Administrazioari dagokionez, Usurbilgo ordezkari politikoen %100 gai da euskaraz hitz egiteko eta udal-langile publiko guztiak ere bai. Erabilera-datuek diote Usurbilen kale-erabilera %54ekoa dela. Udal adierazpenak dio Usurbilgo Udalak neurriak hartuko dituela hizkuntza-praktika horiek aldatzeko, eta udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko dituela Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko dituela.
Eli eta Patxi herriko euskaraldia girotzen
Eli eta Patxi usurbildar gazteek herriko euskaraldia girotzen dabiltza. Euskaraldia zer den azaltzeko hainbat bideo grabatu dituzte. Aze parea!
Bideo gehiago: https://www.youtube.com/channel/UsurbilgoEuskaraldia